"Alterriko kontuak" komiki bildumaren gehigarriak

2013/01/23

Klaustroa

KLAUSTROA

23. ORRIALDEKO 5. BINETA

Alberto Astui






Bizkaiko klaustrorik zaharrena edo, behintzat, zaharrenetarikoa (EAEn XV-XVI mendeetako dozena-erdi klaustro baino ez daude). 1357an On Tellok eta bere emazte Larako Juanak, Bizkaiko Jaunak, agindu zuten eraikitzea eliza eta komentuarekin batera.

... y con voluntad de los nros basallos de Vizcaya e de la nra Villa de Bermeo facemos, e mandamos facer el dicho Monasterio de la dicha orden de fraires menores de Sant Francisco de la dicha nra Villa de Bermeo, en un logar que llaman Erreten...

Historian zehar beste erabilera batzuk ere eduki ditu: azoka a.b. Gaur egun Euskadiko Nazio-Monumentua eta Bien de Interés Cultural del patrimonio español legez dago katalogatua.


Klaustroa 19x19ko lauki bat da. Edozein klaustro bezala gune bitan banatzen da: arkupea eta baratza (Edeneko baratzea).


Arkupea: Gurutzeria-ganga bat aurkitu beharrean, egurrezko agak eusten duten sabai lau bat aurkitzen dugu. Lau angeluetan, mentsuletan bermatzen diren arku eskartsanoek betetzen dute indartze lanak. 

Dekorazio gehiena aipatutako mentsuletan dago eta gai bitan banatzen da:

Ekialdean, animalien arteko borrokak agertzen zaizkigu; zezen harrapaketen irudiak gehien bat. Zezen, orein eta txakur eta otsoez gain, ba dugu animali bitxi bat ere: elefantea, arnesekin oratutako gaztelotxu eta guzti.

Bi irudi honeetan, “la pesca del toro” (Enkarterrietan “Villano” arrazako txakurrekin egiten zen) eta elefantea.
"Pesca del toro" edo "Perros al toro"ri buruzko informazio gehiago: http://angul0scuro.blogspot.com.es/2007/04/perros-al-toro-una-tradicin-ancestral-i.html

Elefantea
"La pesca del toro"




















Mendebaldean, fraileen bizitza eta espiritualtasuna adierazten duten irudiak ditugu. Horma aldeko mentsulatan bakarka agertzen dira (otoitzlaria eta predikatzailea) eta, hiruko taldeetan berriz baratzeko arkuen aldean.

Abeslariak
Otoitzlariak














  
Baratzera ematen duten arkuak zorrotzak edo ojibalak dira. Bi edo hiru zutabez osotutako pilareetan bermatzen dira. Batzuetan, Muxikatarren ezkutua agertzen da.


Ipar-mendebaldeko angeluko pilarean, gaur egun ez dagoen plaka bat zaintzen zuten bi aingeru ditugu.



 Baratzean lau ur-bide ditugu (lau ibai sakratuak): Tigris, Eufrates, Pison eta Gijon). “Ibaiek” baratzea lau zatitan banatzen dute Edena bezala. Antzina, batan, hortuariak landatzen ziren; beste baten, loreak; hirugarren zatian, sendabelarrak; laugarren zatian, altzifrea (ciprés), espiritualitatearen sinboloa.



Amaitzeko, aipatu beharrekoa dugu elizako sarrerako arkuko ehiza eszena eta izar gangak beste elementu batzuen artean.

Lehoia
Vera Cruz kaperako sabaia






2013/01/14

Sketches de Personajes

Un aporte gráfico de los bocetos sobre los que se basan nuestros cuatro personajes. Garazi, Eneko, Garikoitz e Izaro.

2013/01/13

Erromatarren garaia

 ERROMATARREN GARAIA

5. ORRIALDETIK 10.ERA

BITOR URIARTE


Eskuizkribuan karistioen herria aipatzen da. Herri honen berri, Ptolomeok (K. o. I. mendekoak) ematen du, penintsulako iparraldeko kostaldeko jendeak zerrendatzean; Karistioak, hain zehatz, Nerbion ibaiaren bokaletik Deba ibairainoko eremuan zeudela esaten du (gaurko Bizkaiko itsasertzean), hegoaldetik, gaurko Arabako lurraldeak hartzen zituztelarik. Gaurko Busturialdean, beraz, karistio hauek izango ziratekeen.

Eremu honetako hiri edo herrixka nagusitzat Iruña (Beleia) eta Svestassion (Arkaia) hartu izan dira.

Iruña-Veleiari buruz, http://www.veleia.com/
Erromatarren garaian dokumentatutako ezer gutxi duenez Bermeok (portuan eta Almikan aurkitutako txanponen bat edo beste), ingurukoak diren Portuondo eta Foru erabili dira garai hartako kontuak azaltzeko. Ezaguna da Foruko aztarnategi erromatarra. Bizitegiak ez ezik, burdingintzarekin lotutako jarduerak aurkitu dira bertan eta horrela adierazi dira komikian. Aztarnategian bertan ikus daitezkeen argibide-tauletako irudiak erabili dira oinarri bezala.

Ezarkuntza hau, ibaiertzean dago eta portu txiki baten bidezko sarrera zuzena dauka. Forum izenak azaltzen duenez, beharbada, merkatua edo merkataritza lekua izan zen.

Erromatarrak Ebro ibaiaz gora eginaz iritsi ziren Euskal Herri penintsularrera K. a. II-I. mendeetan, eta erabatekoa izan ziren hegoaldeko lurraldeetako okupazioa eta ustiakuntza. Kostaldean ere nabarmena izan zen erromatarren eta euren kulturaren presentzia, Foru eta Oiasson (Irun), horren lekuko (Lapurdum – Baiona - Euskal Herri kontinentalean).

Hegoaldean, besteak beste, nekazaritza alorreko ustiakuntza zatekeen nagusia. Kostaldeko lurraldeetan, berriz, ezaguna da Ereñoko marmol harrobietan, Trianoko burdin meatzetan edo Arditurrikoetan (Gipuzkoa) aritu zirena.

Preseski, Ereñoko marmol gorrixkaz egindako bi aldare-harri aurkitu ziren Forun bertan:

Bat, 1906an agertu zen Frantziskotarren komentuko lurretan. Oraintsu arte, Foruko elizako atarian egon izan da bataiarri legez jarrita. Gaur, Bizkaiko museo historikoan dago. Ondoko inskripzioa dauka:

IVILIAE SACRVM
M CAECILIVS MoN
TANVS Pro SALV
TE FVSCI FILI
SVI POSviT
QVNO.FECI.



[Iuliae sacrum M(arcus) Caecillus Montanus pro salute Fusci fil(i) sui posuit Qvno feci(t)]
Bestea, Trinitateko (Triñako) ermitaren lurzorua jaitsi zenean aurkitu zen.
Aipatutako ermitaren atondoan egon izan da, hauxe ere oraintsu arte, eskuinetara, kanpoaldean, ur bedeinkatuaren ontzi legez jarrita. Kanpoan egonagatik bere inskripzioak nahikoa higaturik daude. Inskripzioa:


.IVNIO.NERO
NS.F.Q.AEMIL
ANO
AN.XXV
CN.IARVS.F


[Iunio Neron(i)s f(ilio) Q(uirina) Aemiliano annorum XXV Cniarus f(ecit)]

Behin itsasontzi nagusia ainguratuta utzi ondoren, Portuondon txalupa txikiagoa hartuaz abiatu dira Kison eta Modestus Forurantz. Ibaiaz gora doazela, urrunean, mendi gainean bi bizitegi irudikatu dira: Maruelezako (A) (Arrola, Nabarniz, Arratzu) eta Kosnoagako (B) (Gernika) kastroak dira. 

Asentamendu handiak eta iraunkorrak ziren hauek, leku estrategikoetan ezarriak eta harresiez inguratuta zeuden. Erromatarrak iritsi baino lehenagokoak dira baina baita azken hauekiko garaikideak ere. Beraietatik nekazal eremuetara edota abereen bazkalekuetara joateko gurdibideak izaten ziren. Gotorleku hauek beraien artean ere komunikatuta egon ziren seguruenik: bai lehorreko bideen bitartez eta baita ibaien bidez ere.



Arrolako kastroa
Arrolakoaz eta Kosnoagakoaz gain, karistioen eremu honetan, Iluntzarrekoa (Nabarniz), Tromoitiokoa (Garai), Berreagakoa (Mungia, Zamudio) eta Malmasinekoa (Arrigorriaga) aipa daitezke. Bereziki da aipagarria Gastiburuko ezarlekua, santutegi edo monumentua, astronomikoki orientatua, dirudienez, nolabaiteko ideologia sakro-juridiko baten zerbitzuan eraikia eta Arrolako bizitegitik oso hurbil kokatua.
Malmasin
Garai hartako herritarren bizimoduaz, hona hemen Estrabonek egin zuen penintsula iberiarreko iparraldeko herrien deskribapena. [beharbada, Modestusek emandako oharretan oinarrituta]:


“Menditar guzti hauek era soilean bizi dira: ez dute ura besterik edaten, lo behean egiten dute eta ilea, emakumeen antzera, luze daroate,  gudarako xingola batez bekokian lotzen dutelarik. Nagusiki, aker haragia jaten dute; akerrak, zaldiak eta gatibuak sakrifikatzen dizkiote Ares-i; biktima mota bakoitzetik, grekoek bezala, hekatonbeak egiten dituzte, Pindaro-k esango zukeen bezala, “ehundaka inmolatzen dute”. Borroka gimnikoak, hoplitikoak eta hipikoak praktikatzen dituzte, pujilatorako, lasterketetarako eta borrokaldietarako arituaz. Urteko hiru  laurdenetan ez dira ezkurrez besterik elikatzen, ogi iraunkor bat egiteko eho egiten dituztelarik. Zithos-a edaten dute eta oso eskasa duten ardoa lortzean, familia-jai handietan berehala ahitutzen dute. Olio gisa, gantza erabiltzen dute. Horma ondoan ipinitako aulkietan jezarrita jaten dute, adinaren eta duintasunaren arabera jarririk;  jakiak, eskuz-esku banatzen dituzte; edaten duten bitartean, gizonezkoek, txistuen doinuan dantzatzen dute, saltatuaz gora eta belaunikatuta jeitsiaz. Bastetanian, emakumeek ere, gizonekin nahasturik eta batzuek besteei eskuez loturik dantzatzen dute. Gizonezkoak beltzez janzten dira, “sagoi”-ez gehienak, lo ere berarekin egiten dutelarik, beren lastozko ohantzetan. Kelten antzera zurezko ontziak erabiltzen dituzte; emakumeek, lorez apainduriko janzkiak daramatzate. Beren artean, txanpona erabili beharrean, espezieak edota zilarrezko plakak trukatzen dituzte,. Kriminalak, haitzetatik behera amiltzen dituzte eta parrizidak, lapidatu, beren hiri edo aberriaren mugetatik kanpo bidaliaz. Grekoen gisan ezkontzen dira; gaisoak, antzineko assyriarren artean bezala, bideetan jartzen dituzte, gaisotasun bera izan dutenek senda ditzaten. Broutos-en espedizioa baino lehen, paduretatik eta lakuetatik nabigatzeko ez zeukaten larruz egindako ontziak besterik, baina gaur, zuhaitz enborrez egindako txalupak erabiltzen dituzte, oso gutxitan baina. Beren gatza gorrixka da, baina ehoaz, zuritu egiten da.   Esan bezala, Iberia iparraldeko menditar hauek, honela bizi dira. Hau da: Kallaikoi-ak, Astoure-ak eta Kantabroi-ak Ouaskoi eta Pirene-raino, denek biziera bera dutelarik. Herri hauen izendegia luzeagoa egin nezake, baina zerrenda aspergarri honen ekiteari uko egiten diot, inori ez bait litzaioke gustatuko Pleutauroi, bardjetai, Allotrigei eta beste izen itsusi eta ezezagunei buruz hitzegiterik entzutea”



10. orrialdean jai bat ospatzen da.

Eguzkiaren ospakizuna euskaldunentzat eta solstizioa erromatarrentzat. Eguzkiaren gurpenaren jatorrietan sartu gabe, nabaria da Euskal Herriko (eta beste hainbat herrietako) tradizioetan leku bat hartzen duela ospakizun honek. Horren seinaletzat hartu izan dira zenbait elementu kultural: lauburua, baserrien eta trikuharrien orientazioa eta, batez ere, Europa osoan egiten den San Juaneko sua. Ustez, kristautasuna ezarri aurretik, era askotako gurpenak, ospakizunak eta erritualak izango ziren eta horiek, seguruenik, leku jakin batzuetan egiten ziren. Komikian adierazi nahi izan da, kristautasunaren lehen tenpluak edo elizak, lehenago errito paganoak egiten ziren lekuetan eraikiak izan zirela. Antzinako sinesmen eta tradizioen lekuak, sinesmen berriak (kristautasunak) berarentzat eskuratu zituela, alegia. Horrela, nolabaiteko jarraipena izango zukeen eremu erritualak.
San Juaneko sua oso lotuta omen dago udako solstizioarekin edo eguzkiarekin. Eta erromatarren garaiko Bermeo aldean ere, horren ospakizuna irudikatu da. Eta aukeratu den sua egiteko lekua portu inguruan ipini da, geroago, eliza bat eraiki zen lekuan: gaurko Gaztelun.  9. orrialdean isla bezala ageri den tontortxoan.

San Juaneko jaia, Caro Barojaren ustez, guztietatik naturalistena da. Eguzkiaren gurpenaz gain, uraren eta landareen gurpena ere adierazten da bertan. Sua eguzkiarekin lotuta dago. Kea hartuaz eta suaren inguruan dantzatuaz, zenbait gaixotasun saihesten ei dira eta baita sorginen begizkotik babestu ere. Jai honetan, belar bustian (garotan*) oinutsik ibiltzeak osasuna ei dakar, eta, azkenik, zenbait landare ere oso lotuak ageri dira jai honekin, Bermeon, zehazki, San Juan egunean hartutako lizar adarrak ipintzen dira zenbait lekutan, ikusgarri. San Juan sutera landare sortak botatzeak ere gaixotasunak eta begizkoak baztertzen ei ditu. Guzti ori irudikatu da orrialde honetan.
* 9. orrian, Modestusek txantxa bat egiten du zera esatean: “egin dezagun sua, jan dezagun garua, eta edan gogotik … ardua!!” 

GAROA Bizkaiko euskaran, euria egin ondoren geratzen den belar bustia da
GARUM latinez, ordea, arrainaz eginiko saltsa antzekoa zen; arrainen erraiak hartzituta edo fermentatuta egiten zen eta oso estimatua zen.

2013/01/08

Itsasontzi erromatarrak



ITSASONTZI ERROMATARRAK

5, 6, 7 ETA 8. ORRIALDEAK

Aingeru Astui


Liburuaren 5. orrialdean Modestus agertzen jaku gure kostaldean (Portuondon edo) desenbarkaten. Kison medikua dau itxaroten eta beragaz joango da Mundakako errekatik gora, Forurantz, bere lagun Tadeusengana  (6 , 7 eta 8. orrialdeak).

Modestus itsasoz heldu da, zamaontzi (“Navis oneraria”) batetan, hain zuzen be. “Navis oneraria”-k inperioko urruneko nazioetara joateko erabiltzen ziran hareetatik bertako aberastasunak metropolira ekarteko. Ontzi mota printzipalenak “Corbita” eta “Ponto”-a ziran. “Corbita” edukiera handiko ontzia zan eta Egiptoko garia eta igaroteko erabiltzen zan.
“Ponto”-ak greziarren ontzien eragindura mantentzen eban, musturdun aurre zorrotz eta guzti. Gure itsasoetan ibiltzen ziran “oneraria”-tatik normalena ei zan, eta horretarako agertu dogu Izaron aurrean.


Mundadako errekatik gorantz joateko beste ontzi mota bat agertzen jaku, arrantzarako eta kostatik hurre nabigatzeko erabilgarria zana, “Cydarum” edo “Tesseraria” estilokoa.




Althiburus (Tunisia)-eko mosaikoa non agertzen diren erromatar garaiko hainbat ontzi mota.